Master Cup zirkuitua martxan jarri zenean pentsa ezinak ziruditen hamaika tanto eta jokaldi, aire, gantxo, sotamano... eskaini dizkiete Zornotzako pilotalekuan bildu diren pilotazale ugariei eta azkenerako dimoztarrak lortu du garaipena, hein handi batean, pilotari bere arerioak baino abiadura bat gehiago sartu diolako. Teknikoki Olatz Arrizabalaga pixka bat nagusiago izan badaiteke ere, dimoztarrak azkarrago erabili du pilota eta gaur egun abiadurak aldeak egiten ditu edozein kiroletan, baita emakumezkoen esku pilotan ere.

 Abiadura eta oldarkortasuna dira Amaia Aldai txapeldunaren dohainik nabarmenenak eta lehen gantxoak txapapera ihes egin dion arren, partida hasieratik aurretik izan da markagailuan. Piloteoan izan duen nagusitasunak eman dizkio dimoztarrari lehen aldeak 6-1 ere jarri da aurretik, baina Olatz Arrizabalagak azkar erreakzionatu du, errematean asko asmatu eta sakearekin ere mina eginez. Entrenamenduetan hainbeste ordu elkarbanatu dituzten bi pilotari izanda, azken orduko sekreturik ez da izan bien artean eta bakoitzak hobekien egiten duen horri eutsi dio txapelaren bidean; Amaia Aldaik piloteoan nagusi izan nahi izan du, Olatz Arrizabalagak tantoa amaitzeko izan duen aukera bakoitzari etekina atera nahi izan dion bitartean.

 Orduantxe jokatu dituzte biek partidako tantorik piloteatu eta gogorrenak, baina Olatz Arrizabalagak zailena egite lortu zuela zirudienean, partida zortzina berdintzea lortu du, Amaia Aldaik berriz ere ihes egin dio markagailuan 15-8. Olatz Arrizabalaga, ordea, ez zegoen ezer oparitzeko eta Amaiak egindako opari bati etekina atera dio airez lortutako tanto bati esker berriz ere partidan sartzeko. Sakearekin eta sake-errematearekin berriz ere gauzak asko estutu ditu gernikarrak eta Amaia Aldaik ezker eskuan ere kolpe bat hartu du, gauzak are gehiago zailduz. 16-13 gerturatu da berriz Olatz Arrizabalaga, baina bi tantora gerturatzeko aukera izan duenean partidako inflexio puntu bat eman da. Tanto oso gogor eta piloteatu batean Olatz Arrizabalagak txapara bota du txokoan egindako dejada bat eta hortxe egin dio ihes partidak. Amaia Aldaik sake-errematean kamutsa ez dela erakutsi du eta bere armekin mina egin dio Olatz Arrizabalagari. Sei tantotako zulo bat egin dio berriz eta oraingo honetan Olatz Arrizabalagak ez du berriz ere partidan sartzeko gaitasunik izan.

 

Gauzak horrela, txapelak Dimarako bidea hartu berriz, baina halakoetan erraza izaten ez den arren, bi pilotariek nahiko gustura egin ahal izan dute etxerako itzulerako bidaia, biek oso pilotari handiak direla erakutsi ahal izan dutelako. Joko honen garapenean funtsezko bi emakume dira Amaia eta Olatz, Olatz eta Amaia, eta etorkizunean gaurkoa bezalako ikuskizun asko eta are hobeak eskainiko dizkigute, oraindik euren sabaia non dagoen ez dakitelako.

 

Jaialdian, gainera, azken 30 urteetan Lagun Onak pilota elkarteko arduradunak izan diren Jose Ramon Etxebarria eta Jabi Emaldiri, omenaldi hunkigarria egin zaie eta emakumeen esku pilotak urteko egunik handienetako bat bizi ahal izan du, egungo bi pilotari handienekin eta frontoian giro bikaina jarri eta final handi batez gozatu ahal izan duten pilotazale askorekin.

Emakume Master Cup © 2024