Emakumeen esku pilotan sekulako lurrikara bat sortu zuen, duela 7 urte, Emakume Master Cup txapelketaren sorrerak eta gaur egun hortik eratorritako errealitate desberdinen erakusleihorik zabalena izaten jarraitzen du igande honetan Murgian hasiko den Binakako Master LABORAK KUTXA txapelketak. Hasieratik izan duen filosofiari jarraiki, aurtengoa ere txapelketa erabat irekia izango da, hau da, parte hartu nahi izan duten emakume guztiek ateak erabat irekiak izan dituzte eta bakoitzak bere behar eta nahietara egokituko den lehiaketa bat izango du. Denera, 65 pilotarik hartuko dute parte antolatutako lau mailetan; Pilota Goxua (25 pilotari), pilota mistoa gazteak (24), pilota mistoa 1.maila (8) eta pilota mistoa elite maila (8).

Parte hartze honek argi uzten du kirol honek izandako garapena eta hasiera batean txapelketa guztiak pilota goxoarekin jokatzen baziren, gaur da eguna mistoaren aldeko apustua egiten dutenak gehiengoa direna. Pilota mistoek 85 gramotako pisua eta 60 milimetrotako diametroa dute. Hori bai, oraindik pilota goxoarekin jokatzea nahiago dutenek ere izango dute euren txokoa, garrantzitsuena pilotan aritzeko gogoa duten emakume guztiek horretarako aukera izatea baita.

Esan bezala, emakumeen esku pilota txapelketarik parte-hartzaileena Murgian hasiko da eta dagoeneko prest du martxoaren 26ra arte Zarautzera eramango duen bide-orria. Amezketa, Galdakao, Segura, Eskoriatza, Zamudio, Asteasu eta Laudio izango dira Aritzbatalde historikorako bideko beste geltokiak. Finalerdiak Laudion jokatuko dira (ETB-k zuzenean eskainiko ditu), martxoaren 12an eta Zarautzeko jaialdia 26an, ETB-1ek zuzenean emango duen jaialdia. Bertan pilota mistoko lehen mailako eta eliteko finalak jokatuko dira.

Elite mailari dagokionean, parte hartzeari erreparatuta gorengo mailako lehia bat aurreikusten da, faborito garbirik gabeko lehia espero baita. Iaz Olatz Arrizabalaga eta Enara Gamindek jantzi zuten txapela, baina aurten bakoitzak bere aldetik saiatu beharko du errepikatzen. Larrarte-Arrillaga, Arrizabalaga-Capellan, Aldai-Mendizabal eta Garai-Gaminde dira antolatzaileek prestatutako bikoteak. Denak denen aurka arituko dira eta ligaxkako sailkapenaren arabera jokatuko dira Laudioko finalerdiak, lehenengoak laugarrenen aurka eta bigarrenak hirugarrenen aurka.

Binakako Master LABORAL KUTXAn arituko diren pilotariez gain, gaurko aurkezpen ikusgarrian erakunde desberdinetako ordezkariak izan dira kirolari eta antolatzaileei euren babesa erakusten. Donostiako Aquariumean izan dira Marian Ganzarain, Euskadiko Pilota Federakuntzako emakumezkoen saileko arduraduna, Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaria, Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria, LABORAL KUTXAko Arantxa Olaizola eta Zarauzko alkateordea, Gloria Vazquez.

 

 

 

Emakume Master Cup © 2024