Foru Komunitatea torneoa

Urte eta erdi baino gehiago ateak ireki ezinik egon ondoren, hitzordu historiko baterako bere jantzirik onenak jarri ditu gaur Nafarroa Arenak, bere emakumezkoen lehen jaialdia jasotzeko, non Nafarroako Foru Komunitateko Torneoko lehen txapelak banatu diren. Pandemia garai hauetan zailtasunak ugari izan diren arren, bere helburu guztiak bete dituen txapelketa izan da honako hau. Emakumezkoen kirola sustatzea, erreferenteak sortu eta kirolean emakumea ikusaraztea helburu sortu zen lehiaketa hau, eta, alde horretatik, dena primeran irten da, ehundik gora izan baitira gomazko paletan eta eskuz parte hartu duten pilotariak, eta pilotazaleak ere Nafarroako pilotalekuetara hurbildu dira, neska hauek babestu eta eres kalitatearekin gozatzeko. Gaur, Nafarroa Arenan 400 inguru izan dira eliteetan Salsamendi-Ruiz de Larramendik eta gazteetan Arraiza-Gamindek lortutako txapelekin gozatu duten zaleak.

Eta hain agertoki ikusgarriak, finalaren pisuak eta ETBko kamerek zuzenean duten presentziak bi finaletan euren eragina izan dute, urduritasun eta presio gisa, bereziki eliteetan, laurei kosta baitzaie partidan sartzea. Horregatik, garrantzi berezia hartzen du Laia Salsamendi gazteak erakutsitako patxadak; izan ere, 14 urte baino ez ditu, eta argi utzi du etorkizuna ez ezik, oraina ere oso itxaropentsua duela onenen artean. Izabakoa ez da kikildu eta kalitate eta ausardia handia erakutsi ditu, oso ondo amaitutako tantoekin eta Amaia Aldai gogor bati aurre eginez. Atzean Olatz Ruiz de Larramendiren laguntza ere izan du, beste behin, bere eskuin indartsuari esker atzean aldeak ireki dituena, eta azkenerako 18-22 gailendu dira partida lehiatuan. Amaia Aldaik eta Naroa Agirrek, berriz, sendotasun handia erakutsi izan dute txapelketa osoan zehar, baina gaur gehiegi kostatu zaie partidara sartzea eta garesti ordaindu dute. Bikote nafarra laster aurreratu da markagailuan. 10-15ekoa bezalako uneak izan dira, finala hausteko gai ziruditenak, baina Aldai eta Agirre behetik gora etorri mira, partidari eustea lortu dute, baina soilik bi tantora hurbildu diren arren (18-20), euren erreakzioa hor geratu da eta txapelak etxean geratu dira 18-22 emaitzarekin.

Jardunaldia gazteen finalarekin hasi da eta, 16 eta 13 urte baino ez dituzten arren, Miriam Arraiza donostiarrak eta Enara Gaminde bizkaitarrak bikote oso sendoa osatu dute Maddalen Etxegarai eta Uxue Oses oñatiarren aurka, 18-9ko emaitzarekin txapela janzteko. Partida nahiko orekatuta hasi da, eta nahiz eta halako final batek eragindako urduritasunak nabaritu diren arren, oreka horri eutsi ahal izan diote bosnakako berdinketara arte. Hala ere, ordutik aurrera, Uxue Osesek ezin izan dio Enara Gaminderi –finaleko pilotari nabarmenenari– eutsi, zazpi sake ere erantzun gabe utzi ditu, partida hautsi egin da eta merezimendu osoz irabazi dute txapela Arraiza eta Gamindek.

Argazkiak ondorengo estekan: Nafarroako Foru Komunitatea Torneoaren Argazkiak

Emakume Master Cup © 2024